XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKEREA ZERTARAKO?

Lengo baten 50 urtedun inguruko andra bat urreratu jatan bere ama izan zanaren goralmenak egitera.

Berak: nire ama euskaldun santa aundi bat zan, esan eustan erderaz.

Nik orduan euskeraz egin neban, ta, berak: Nik ez dakit euskerarik, nire amak ez eustan irakatsi ta gañera berak esaten eban euskereak ezertarako be ez dauela balio.

Nik orduan luzaroko jardun aldi bat egin neban euskerearen alde.

Euskerea ezertarako be ez dala esaten dauan euskalduna lilluratu ta zorabiotuta dago.

Euskerea euskaldunen artean ibilteko gauzarik egokiena da ta, ezbalitza bere, geure geurea dalako, maitagarria ta txukun txukuna da.

¿Badakizu euskereagaz zer jaso dan.

Gizaldietan oinperatuta egon da.

Ez dogu izan ez ikastolarik, ez izparringirik ta, gerotxoago, ez irratirik, ez ta telebistarik.

Aundikiak geien baten euskerea baserritarren ta ezjakiñen izkuntzatzat euki dabe.

Karreradun gizonak abadeak ez izanean, erderaz egiten eben ta erri xeeiak ganorazko izkuntza erdera bakarrik zala uste eban.

Nire gaztearoan beserri ta errietatik Bilbo aldera mirabe izatera joaten ziran eta andik etxera etortzean erdera motrollo bat egiten eben, euren aundikeria agertzearren.

Neska areik erderaz egitearren markesak zirala uste eben.

¿Badakizu guk zalan deitzen geuntsen?: Zu markesa de baleuke zara.

Zentzun bakokerian bizi zara zu!

Euskerea ezertarako ez dala uste daben euskaldunak asko dira ondiñokoan, batez bere Bizkaiko euskerea danetatik txarrena dala ta berau euskaldun sasijakitun askok baztertu egin gura dabe.

Orain egin dan euskera batuak bere Bizkaiera ia guztiz baztertu dau.

Jakin bear dozu bertako euskereak mende luzeetan Bizkai'ko erriari onura aundiak ekarri dautsozela.

Bizkai'ko euskalkiagaz elizak guztiz kristautu eban emengo erria.

Benetako euskal jakitunak esan oi dabe gure izkuntzaren aditza ederrena edo ederrenetarikoa dala; idazlari gorengoak ditu bizkaierak, etb. etab.

Ederra dalako ta geurea dalako, geure euskerea guztiok gaurtik asita geure izkuntza au sakon ikasi bear dogu.

Bizkaiera ondo ikasten ba'dogu, euskalki guztiak ulertuko doguz, ta ori izango da euskera batu ondo oñarritutako batera eltzeko biderik ziurrena.

¡Ez gaitezan lotsatu, ez etxean ez kalean geure euskera parra-parra egiten.

D. KLAUDIO.